XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pedro Iartza Elizaran, izenez baino Villabonako Maingua edo gazteleraz Manco de Villabona ezizenez hain ezaguna izan zena, Amasa-Villabonako herriak eman duen semerik ospetsuenetarikoa izan da.

Entzute handiko pilotaria, 1861. urteko ekainaren 29an jaio zen, eta errebotean eta, batez ere profesional gisa jokogarbian, joan den mendeko puntako figura izan zen.

Famili pobre bateko semea, halaxe jaio eta halaxe bizi zen gaztetxo zela eskaileretan behera erori eta eskuineko besoa moztu behar izan ziotenean.

Zoritxar izugarri hark gaztea erabat jota utzi ordez adore nahikoa eman zion pilotan hasteko, lehenik eskuz, gero luzean, eta azkenik jokogarbian.

Bere pelotazaletasunaren hasieran, pelotari izateko bere asmoetan porrot egingo zuelakoan farre egin ohi zioten, baina, gero, besomotzak bere iaiotasun eta trebezia apartak zernahi joko motan azaltzen hasi zenean, farre haiek mirespen oso bihurtu ziren.

Berdin zitzaion aurrean zein atzean jokatzea, baina espezialidadea aurrekoetan aritzea zuen eta hor bere garaian ez zuen mendera zezakeen aurkaririk izan.

Bere karreraren gailurra Eibarko Sarasketa Txikia mitikoa garaituz egin zuen (garaiko giro erdaldunetan Chiquito de Eibar ezizenaz mitifikatu eta pilotaren historian ezizen horrekin ezagutzen dena).

Oso kontratu ona eskuratuta Hego Ameriketara jo zuen 1885. urtean, eta handik itzulita, Indalezio Sarasketa, Chiquito de Eibarrekin jokatu zuen partidu famatua, 1886. urteko abuztuaren 19an, Donostiako Atotxako pilotalekuan (geroztik ospital militarra izan da bertan duela gutxi arte).

Villabonako Mainguak irabazi zuen eta berealdiko oihartzuna izan zuen garaipen horrek.

Ordurako, eta gazte izan arren, Eibarko Txikia makalaldian zegoen, profesional gisa oso maiz eta presio handipean (apostu edo trabesak) jokatu beharraren ordaina.

Gisa berdineko makalaldia ezagutuko zuen ere Mainguaren ezkerreko beso bakarrak.

Punta-puntako pelotari izateaz gain, Iartzak errebotearen zaletasuna zuzpertzeko eginahalak egin zituen eta, hala, Villabonako plaza berria eraikitzeak aukera eman zion Pilotari Afizionatuen Eskola sortzeko, bere arloan aintzindaria eta urteetan aurrera indar handia hartu zuen hazia, eta eskola horretatik atera da Amasa-Villabonak eman duen jokalari profesional sorta ederra.

Peña y Goñi kronikari sonatuaren esanetan altura normalekoa zen, haragitan argala, aurpegi luze eta bisaia gogorrekoa; begi beltz, txiki eta borobilak; bibote beltz eta latza, sudur zorrotzekoa, ezpain fin, aho txiki eta ezkerreko sorbalda oso eroria. Nerbio guztiak dantzan jarri eta bere gorputzaz erraz jabetzen ziren, bere fisonomiari ikutu bortitz, maltzur eta harroa emanez, jendea erakarri baino gogaitu egin ohi zuena. Itxura eta aiurri horrek pentsaraz diezagukeen arren ez zela gizon atsegina, bere bizitza oso gizon onbera zela azaltzen diguten gertaerez beteta dago.

Oso ezaguna da, esate baterako, enpresagizon bilbotar batekin gertatu zitzaiona: bilbotarrak eskatu zion joka zezala partidu bat Mainguari batere komeni ez zitzaizkion baldintzetan; Iartzak ezezkoa, baina enpresagizona negar itoan hasi zitzaionean, Villabonakoak ere ezin eutsi izan zion negarrari eta, azkenerako hunkittuta, pilota jaialdi hura hitzartu zuten eta bilbotarra hondamenditik salbatu omen zuen.

Ez zuen sarritan Iartzak hutsik egin bere partiduetan, baina, pilotari baten jardunean ezinezko da beti urre izatea; halakoetan, bere amorru eta grinak gaiztoak ziren benetan, epaile eta enpresariak ikaratzerainokoak.

Bere zaletasunak ez zion huts egin garaipenen harrotasunak amaitu zirenean; beherakada hasi zenean, Hego Ameriketatik itzulita, Euskal Herriko hamaika pilotalekutan jokatu zuen, baita Espainiakoetan eta Parisen ere, eta bere jokoa sarritan garai batean bezain on eta iaioa ez izaki ere, ez zion inoiz beldurrik izan kantxarako bideari; ordurako Pedro Iartza, Villabonako Maingua, pilotazale eta herrikideentzat mitoa zen, urteen joanak itzali ordez oihartzun osoarekin gureganatu duena.

Kantxak utzi eta aurreztuta zuen diruaz jaioterrian lur eta aziendak erosi zituen, eta haiekin egin zuen bizibidea zoriontsu, herrikideek mirestua eta maitatua, mende honen lehen hamarkadan hil zen arte.